Hoy en el periódico en lengua vasca, Berria, nos han entrevistado a propósito del proyecto de ley de muerte digna y cuidados paliativos. Participamos Wilson Astudillo, médico, Iñaki Olaizola, de la asociación DMD, y un servidor. Para preparar la entrevista completé el siguiente cuestionario.
-Ze iruditzen zaizu Espainiako Gobernuak legez arautzea zaintza aringarriak eta heriotza duina? Bioetikaren ikuspegitik egokia da?
Gobernu orok arautzen dute osasun arloari publikoki dagokiona, arlo honetan gutxiengo etiko batzuk ezarriz, eta hau ez da salbuespen bat. Nire ustez, egitasmo honek jarraitzen du Gaixoaren Autonomiaren Legeak (Ley 41/2002, de la autonomía del paciente delakoa) Espainian irekitako bidea. Lege hau nazioarteko adostasun orokorrarekin bat dator eta bioetikaren ikuspegitik guztiz egokia da, nahiz eta oraindik gure osasungintzan ez da guztiz burutu edo praktikan jarri.
-Zer jaso beharko luke zure ustez lege horrek?
Ziuraski lege berriaren mamia izango da martxoan Andaluziako Legebiltzarrak ahobatez onartu zuen legearen edukia (Ley de derechos y garantías de la dignidad de la persona en el proceso de la muerte, “Heriotza duinaren legea” delako hori). Lege horrek, oso egokia dena nire ustean, azpimarratzen ditu gaixoek dituzten erabakitzeko eskubideak; besteak beste, diagnostikoari buruzko argibide ulergarriak jasotzekoa. Eskubide hau paziente guztiok dugu, baina bizitzaren amaieran berebiziko garrantzia izaten du. Beste hainbeste esango nuke minaren kontrako neurrietaz, zaintza aringarriak etxean jasotzeko eskubideaz, edo edozein tratamenduari uko egiteko eskubideaz. Beraz, legea jaso beharko lukena ez da berria, baizik eta dagoeneko dauzkagun eskubideen heriotzaren prozesurako aplikazio bat.
-Gaixoaren, haren senideen eta medikuen eskubideak bermatu eta arautu nahi dira legearen bidez? Nola lortu?
Gauza bat da legea; bestea, eguneroko harreman asistentzialak, gure ospitaleko ohiturak eta azpiegiturak, etab. Legea behar-beharrezkoa da, baina osasun sistema errealitate oso konplexua dugu, botere-harremanez eta aurreiritziez josia. Legea betearazteko, heziketa lan itzela behar dugu osasungintzan. Nire ustez, gakoren bat daiteke gure kultura bioetikoa. Zenbat eta indartsuagoa hiritarrok eta gaixook dugun eskubide horien kontzientzia, orduan eta hobeto legearen aplikazioa.
-Osasun profesionalek nolako babesa dute gaur egun halako egoeren aurrean?
Nire ikuspegia mugatua izan arren, profesionalek presio izugarria pairatzen dutela esango nuke, beren burua setioan bailiran: alde batetik gaixoak, bestetik legea eta politikoak, eta haiek erdian harrapatuta. Izan ere, asko aldatu da osasun profesionalen rola azken urteotan, eta egoneza handia dago haien artean. Baina hala ere profesionalek badute baliabide franko euren eskutan. Esate baterako, aholku eta babesa ematen dieten Etika Asistentzialaren Batzordeak daude gure ospitale nagusietan.
-Osasun profesionalen eta gaixoaren edo haren senideek kontrako iritziak dituztenean, nola jokatu?
Horixe da, hain zuzen ere, Etika Asistentzialaren Batzordeen zeregin bat: balio-gatazka baten aurrean, deliberazio zuhurraren eta elkar-erabakitzearen bidez laguntzen saiatzea.
-Rubalcabak Frantziako adibidea jarri zuen halako legeak egiterako orduan. Han, besteen, etxeko zaintza indartzen da eta ordaindutako 21 eguneko lan baimena ematen zaio halako gaixoren bat zaindu behar duten senidee. Hemen oraindik oso atzean al gaude esparru horretan?
Hutsala da lege bat beste herrialde batetik “kopiatzea”, baldin eta oinarrizko azpiegiturak ez badaude. Esan dudan bezala, legea ez da nahikoa; kultura bioetiko sendo bat behar dugu arlo honetan eskubide sozialen alde ongi argudiatzeko. Baina zaintza aringarriak asko aurreratu dira gurean azken hamarkadotan. Frantziako kasua ez dut ondo ezagutzen, baina antzekotasun puntu batzuk daudela esango nuke.
-Legea egiteko albistea jakin bezai esatera, Espainiako Duintasunez Hiltzeko elkarteak berak ere iragarpena kritikatu zuen. “Elektoralista” dela adierazi zuen, lagundutako suizidioa despenalizatzeko beharra aipatu zuten. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Gaur egungo gobernuek egiten duten guztia elektoralista delakoan nago. Alde horretan berririk ez, nik uste. Heriotzaren prozesuan egoera edo agertoki anitz ditugu, eta gehienek ez dute suizidiora eramaten. Agertoki horietan argitasun eta adostasun gehiago ekartzeak mesede egingo digu, baita DMD elkarteak aldarrikatzen duena lortzeko bidean ere.
-Rubalcabak argi utzi zuen lege honen helburua ez dela eutanasia arautzea. Zure ustez urrats bat aurrerago eman, eta eutanasia arautu beharko litzateke?
Eutanasia hitzari “toxikoa” deritzot, gaizki-ulertuez beterik baitago, eta nahiago dut arinegi ez erabili. Batzuetan eutanasiaz hitz egiten dugu baina beste gauza batez ari gara, guztiz legala eta zilegi dena, aipaturiko agertoki horiek, alegia: ahalegin terapeutikoa murriztea, tratamenduari uko egitea, sedazio aringarria eta terminala, etab. (Gai honetan murgiltzeko Pablo Simón-en eta bere kolaboratzaileen lana gomendatuko nuke.) Lagunduriko suizidioa eta eutanasia arautzeko beharra dagoelakoan nago, baina ez dut uste tenorea heldu zaigunik. Heriotzaren inguruan arauez gain, beste gauza batzuk behar ditugu: kultura bioetikoa, eztabaida publikoa (eta pribatua) eta gizarte baliabideak, besteak beste.